Sarasé mendirako ibilbide zirkularra

En castellano.

Track-a.

Naiz eta eguraldiaren aurreikuspena gure alde ez egon asteburu honetarako, Piriniotara joatea erabaki dugu.

Larunbatean Piedrafita de Jaca-tik ateratzen gara, motxila gainezka Las Planas-eko aterpera bidean. Bertan gauerako beharko ditugun gauza guztiak utzi eta Piedrafita-ko iboira zuzendu ditugu gure oinak.

Piedrafitako iboia eta bertaratzen den fauna berezia

Jende pila dabil inguruetan. Bertatik gaurko igoera ikus daiteke. Peña Telerako udarako bide normala jarraituko dugu gero, ezkerrera joateko, Peña Blanca-ra (Corona del Mallo deitzen diote mapa batzuetan).

Peña Telérako igoera normala.

Behin iboia pasata hasten da benetako igoera. Poliki, elurra okertzen doa eta geroz eta sakonago sartzen zaizkigu hankak.

Elurretan ibiltzeko egoera ezin hobeak

Oinatz zaharrak jarraitzen saiatzen gara baina ezin… zeharka eskiek egindako arrastoak jarraitzen saiatzen gara baina ezin… edonora joanda ere, gerriraino sartzen gara elurretan. Oso poliki eta lan handiarekin egiten dugu aurrera 1800eko kotara iritsi arte.

Elurra egoera zoragarrietan.

Orduan, aurrera egin ezinik, itzuli egiten gara guk irekitako bidetik bertatik jaisteko. Igandean saiatu behar genuen Gran Diagonal beste baterako utzi beharko dugu. Ipar aurpegietatik ezin da 1800 metroetatik gora ibili, eta hego aurpegietatik topea 2000 metroetan dagoela esango genuke.

Berriro aterpetik pasa eta gauza guztiak jaso ondoren, herrira jaitsi gara bertan lo egiteko ideiarekin. “Bosque de Beato” ostatuan gelditzen gara azkenean. Gosari eskuzabala du lekuak eta parrillan egindako txuletak itxura ikaragarria du (guk ez dugu probatu gure afaria jaten utzi zigutelako kanpoko mahaietan).

Suunto mapari kasu eginik (egunen batean honi buruzko sarrera egingo dut), Gavín herrira mugitu ginen hurrengo gailurretara igotzen den ibilbidea egiteko:

  • Peña Valdango, 1292m
  • Punta dero Cuchiecho, 1667m
  • Zerro d’Iguarra, 1728m
  • Punta Puñero, 2007m (en algunos mapas Fajalato)
  • Monte Sarasé, 2191m
  • Puyas Lanas, 2099m

Ibilbidearen ingurua e-de-rra da.

Laino goiziarra.

Larunbatean bota zuen euriaren ostean, belarrak berde kolore bizia du. Honek zuhaitzen berde ilunarekin eta noizbehinka agertzen den lainoaren txuriarekin kontraste zorrotza egiten du. Gure gainean beti, zeru urdinak egunsentiko eguzkiari lekua egiten dio. Eta azkenik, atzealdean, zuri ederraz jantzitako Piriniotako gailurrak ixten dute ikuskizuna. 

Kontrastez osaturik.

Gailurrik altuenetik, Asieso bailara sakona hegazti-begiez ikusiko dugu, Sabocos-Tendeñera-Otal mendizerraren benetako tamaina estimatuko dugu, Partacuako Peña Telera agurtu dezakegu eta urrutian Marboré, Cilindro eta Perdido ikustatuko ditugu.

Sabocos - Tendeñera - Otal

Tendeñera eta Otal arteko hertz mortala

Fortato eta Tendeñera hertza.

Asieso bailara. Atzean, Peña Telera.

Marbore, Cilindro, Perdido eta Añisclo.

Ibilbidearen zati bat BTTko bideak jarraitzen ditu (ez baikenuen aurkitu ordezko biderik), beraz kontuz ibili dehar da.

Itzalen artean aurrera.

Beherako bidean, San Bartolome elizatik pasa gara, inguru ederrean eraikitako eliza txikia eta ederra. Familian eguna pasatzeko aproposa. Eliza pasata, track-a jarraitzen bada BTT eta PR-a ordez, Cotefablo portua igotzen zuen “errepide” zaharra jarraituko genuke ere. Hortik, ibilbide ofizialaren 20 minutu inguru aurreztuko genituzke. Trukean, N-260a errepidetik ibili beharko dugu azken kilometro t’erdia.

San Bartolomé eliza.

Cotefablo-rako "errepide" zaharra.


Iruzkinak

Jardueren mapa