Hirugarren Haundia: Landa - Aizkorri - Araia

 Hiru Haundien ibilbidea guztiz ezagutzeko intentzioz, gelditzen zaidan hirugarren herena egitera atera naiz eguzkitxu esnatu den igande honetan. Landako jatetxetik aterako naiz, Elgeta zeharkatuko dut eta Urbiako larreetan barrena sartuko naiz Azkorri garaiera iritsi arte. Gero ziztu bizian jaitsiko naiz Araiaraino.

 Goizeko 6ak inguru, autokarabanaz gainezka egiten du landako parkinak. Inor ez esnatzeko intentzioarekin, urruti aparkatu dut kotxea. Gaurkoan, bi gazta tortilla bokata ekarri ditut eta bi barrita eta bi gel soilik. Camelbak guztiz beteta aterako naiz ez baitut urik aurkitzea espero egun osoan. Agian Urbiako bentatan…

Gora hasten naiz, errepidearen beste aldetik ateratzen den bidexka batetik (gero etxean, HHaren ibilbidea beste leku batetik ateratzen dela ikusiko dut). Elgetara iritsi baino lehen, gailur txikitxo batzuen artean gora eta behera ibiltzera behartuko gaitu bideak. Askotan pista bihurtuta, era deserosoan kilometroak poliki irabazten joango gara.

Gasteiz

Tarte honetan Galbarrain, Troke eta Usako Atxa (7:40; 912m) mendiak igoko ditugu. Gero behera egingo dugu oso aldapatsua den jaitsiera batetik eta Arkamo eta Albiturri inguratuz, Urkitzako lepora iritsiko gara erraz. Urrutian, Elgetako haize errotak ikusiko ditugu.

Arriurdinetik egunsentia

 Urkitza pasa eta Arriurdineko antenetara igoko gara. Ikuspegi irekia dauka mendi honek eta 360ºko bistak eskeiniko dizkigo. Makatzgain (8:31; 996m) da haize errotak baino lehen egingo dugun azken mendia. 1000 metroetatik oso gertu gaude orain. Bi pertsona bata bestearen gainean jarri ezkero gailurreko erpin geodesikoan, goikoa 1000 metrotara iritsiko litzateke.

Goizean-goizeko lahinoak

 Aldapa luze batek lehenengo haize errotara igotzen gaitu. Hemendik, denak elkartzen dituen pista jarraituz, lehenengoti 78 garrenera iritsiko gara. Gutxi gora-behera, 2 ordu hartuko digu. Tarte honetan Mugarriluze (8:58; 1111m), Mentazpi, Aumategi (9:24; 1192m), Burgamendi, Sekillaga, Gaboñu/Artia, Keixtui Gana eta Larrangoiti (10:34; 1126m) gailurrak igoko ditugu, denak 1000 metrotik gorakoak.

Erraldoiak haizearen aurka

 Behin azken molinoa pasata, daukadan azken bokata hartu eta aurrera jarraitu dut orain basatiagoak diren bideetatik. Hiru gailur gehiago egin eta hurrengo mendiak inguratzen hasiko gara, Urbiara bidean, beti ezkerreruntz, Urbiara doan pistarekin aurkitu arte. Hemendik atzera bidean egingo dugu eskuinera doan pista bat aurkitu arte, benterara iritsi baino lehen. Hemen, Aizkorriko bide normala hartuko dugu, karst lehun eta irristakorretik gora egiten duena poliki, Aizkorriko gailurrera iritsi arte (12:16; 1528m).

Aizkorri gailurretik panoramikoa

 Jaitsiera maldan behera hasiko dugu, ekialderantz beti. Tontorraundira iritsi baino lehen, eskuinera biratuko dugu behera jarraitzeko, hegoalderantz. Bidea zeharo ona da abiadura handiarekin jaisteko. Karsta, batzuetan ageri bada ere, orokorrean humusa da garaile, eta bidea lisatzeaz gainera, belaunentzako biguntze efektua egiten du ere. Leizararteraino, ziztu bizian jaitsiko gara. Hemen, Arboligaina mendia iparraldetik inguratuko dugu, eta bideak gora egiteaz gain, lokatzez beteta dago eta erritmoa jaistera behartuko gaitu.

Azkasaroieko belardira iristean, borda handia eskiunera utzita, gutxi faltako zaigu Iturriotzeko iturrira iristeko, eta gero San Miguel haitzaren magalera. Amaitzeko, meategi zaharren orgak igotzen ziren malda izango da Araia herriarekin elkartuko gaituen azken jaitsiera.

Iruzkinak

Jardueren mapa