Oiartzun bira: Donostiatik Irunera kostatik eta buelta Bianditzetik

 Donostia – Ulia – Pasaia – Jaizkibel – Hondarribi – Irun – Erlaitz – Aiako Harriak – Bianditz – Listorreta – Txritokieta – Garbera – Donosti

Gutxi gora-behera hilabete barru, Hiru Haundiak mendi martxa ospatuko da. Gorbea, Anboto eta Aizkorri mendiak elkartzen dituen 100km-ko bidea da. Aurtengo ediziora apuntatuta nago, eta hau prestatzeko intentzioarekin, Donosti inguruan 70 bat kilometroko ibilbide hau planifikatu dut. Gauean ibiltzen ohitzen joateko, ostiral arratsaldean aterako naiz Donostiatik bertatik, lanaldiaren ostean.

Ibilbidearen laburpena

Track en Wikiloc 

1. zatia: Donostia – Ulia – Jaizkibel – Irun

  • 30km eta 5 ordu t’erdi
  • Zailtasuna: Erraza baina luzea

Lana amaituta, Donostitik atera naiz (0m; 17:10) Ulia gailurraren bila. Azkar batean heldu naiz (222m; 17:44), milaka aldiz errepikatutako bidetik, eta soilik argazkirako denbora galduta Mendiolaruntz zuzendu naiz. Ormigoizko pista igaro eta maldan gora zuzen jarraituta, 18:09tan iritsi naiz Almirante gotorlekura (209m). Hemendik pasa ginen ere Donostiako gotorlekuak igaro genituenean.

Jaizkibel Almiranteko gotorlekutik

Maldan behera jaitsi naiz, oso inklinatua den malda batetik, San Pedroko hilerritik pasatzen den hori, eta Donibanerekin komunikatzen gaituen txalupara iritsi naiz (0m; 18:30). Hemen denbora dexente egon naiz ilaran geldirik, COVIDagatik txaluparen aforoa murriztu baitute. Behin beste aldera iritsi naizela, txutxe-denda batera sartu naiz filipino eta kitkat batzuk erostera. Eguerdiko ordubitan bazkaldu dut eta onezkero gosea sartu zait.

Portuko sarrerako farorantz zuzendu naiz orain, Kalaburtza kalan eskuinera igotzen den zementuzko pista zabala hartzeko. Gora egingo dugu, desbiderapenik gabe, Jaizkibeleko errepidera heldu arte. Hemen ere, aurrera egingo dugu errepidetik, bigarren pinudi batera iritsi arte. Hemen, eskuinera eta gora bidexka bat ateratzen da, diagonalean eta era oso erosoan Menditxikira eramango gaituena (336m; 19:36). Beti altuen doan bidea jarraituta, bost minututan Jaizkibeleko bigarren dorrera iritsiko gara eta 10 minutu geroago, hirugarren dorrera. Gorantz zuzenduko gara hemen ere, Jazkibel gailurraren ondoan kokatutako antenetarantz. Hauek ezkerreko errepidetik inguratu eta hesia amaitzean eskuinera gora egingo dugu gailurra lortzeko (545m; 20:10). Ilunabarra hasi da, modan jarri den Golden Hour-ean gaude orain, eguzkiaren koloreak dena gorritzen baitu. Hemendik Hondarribira iritsi arte, ia dena aldapa behera izango da.

Jaizkibel gailurra

Laugarren dorrea (edo Santa Barbarako dorrea) 15 minututan zeharkatuko dugu eta bostgarrena 15 minutu gehiagotan (Erramutz mendia (386m; 20:40)). Atsaldeko 20:50etan Guadalupeko gotorlekuaren ondotik pasako gara. Hemen, Hondarribira zuzenean jaitsi ordez, denboraz ondo noanez, kostaldera jaistea erabaki dut, Higer Lurmuturretik igarotzeko. Kanpinera bertara gaueko 21:30etan iritsiko naiz. Honezkero gaua da, eta linterna piztuko dut, Hondarribira doan errepidean inork harrapatu ez nadin. Behin portuan, trote zikinarekin hasiko naiz, ahal bezain azkar Iruneko BBB garagardotegira iritsi ahal izateko. Hondarribiko gotorlekua gaueko hamarretan igaroko dut, eta BBBra 30 minuturen ondoren iritsi naiz. Hemen, lagun batekin batera, afari galanta hartu dut: hanburgesa ta kaña bat. Energiak berpiztu behar dira 30 kilometro eta 5 ordu t’erdi igaro ondoren.

Ilunabarra Jaizkibelen

 2. zatia: Irun – Erlaitz – Aiako Harriak – Bianditz – Listorreta – Txoritokieta – Donostia

  • 40km eta 10 ordu t’erdi
  • Zailtasuna: Ertaina Aiako Harriengatik eta oso luzea

Gaueko hamaiketan, lekua utzi eta Erlaitz mendirantz abiatu naiz Eguzkitzaldea kaletik gora. Herri barrutik mugitzeko, trote cochinero erabiltzen dut, oinez luzeegia izango baita. Inguruak ez ditut ezagutzen, baina mugikorraren GPSaren eta linternaren laguntzaz, gora noa ia galdu gabe. Gaua guztiz sartua dago Erlaitz gailurrera iristen naizenerako (497m; 00:56). Handik Irun, Hondarribi eta Hendaian dir-dir egiten duten argi ñimiño guztiek, ikuskizun paregabea eskaintzen digute. Maizago igo beharko ginateke mendira gauetan.

Hondarribi, Irun eta Hendaia

 Gailurra utzi eta errepidean gora egingo dugu Elurretxerako zentzuan. Noizbehinka errepidez, besteetan GR121a edo GR285a jarraituta poliki-poliki desnibela irabazten goaz Muganix mendiaren magalera iristen garen arte. Hemen, Aireko Palazioaren inguruko bideetatik gora egingo dugu lehen bunkerrera iritsi arte. Gero bide normala jarraituko dugu Muganitx gailurreraino (758m; 02:04). Pixkat aurrerago dagoen iturrian ur pixkatxo bat edan eta Hirumugarrieta gailurrera abiatuko gara. Gauean Aiako Harrietatik ibiltzea dirudiena baino konplikatuagoa da. Granito zahar bustia eta lur beltzak nahastu eta irristatu egiten gaitu. Hirumugarrietara iritsi (811m; 02:23) eta haman minututa Txurrumurru egitea lortuko dut (828m). Gailurrean, bikote bat aurkitu dut lotan. Egiten duen haizearekin eta nire linternaren argiarekin, esna ez egotea harritzen nau. Anillako bidea pasata, Erroilbide gaindituko dugu hamabost minuturen buruan (837m; 02:48). Hemendik behera egingo dugu Oiartzun aldera Aritxulegiko lepora doan bidea jarraituz. Batzuetan oinez, besteetan korrika maldan behera noa ziztu bizian goizeko 03:30etan Aritxulegiko lepora iristen naizen arte.

Hirumugarrieta

Aritxulegin iturria dago, beraz geldialdia lasaitasunarekin hartzen dut. Camelback betetzen dut eta bizkarrean daramazkidan fruitu lehorrei indusketa galanta egiten diet, gorako malda latza baitut aurretik. Denbora gehiago utzi gabe, gorantz zuzentzen naiz Bianditz-era doan pista zabaletik. Errenagako lepoan, pista utzi eta bidetik jarraituko dugu aldapa gora. Lainoa sartzen hasi da eta gauarekin nahastuta, ikuspena asko murriztu zait. Punturik altuenera iristean, ezkerrera hartuko dugu Bianditz gailurrera igotzeko (840m; 04:33), Erroilbide baino 3 metro altuagoa.

Egindako bidetik atzera egingo dugu lehen aipatutako puntu altuenera iritsi arte eta zuzen jarraituko dugu belarditik behera. Airean dagoen hezetasuna lurreko belar hotza ikutzean, kondentsatu egiten da ur tanta eran, tanta horiek nire zapatilekin jasotzen ari naiz poliki-poliki galtzerdiak ere bustitzen zaizkidan arte. Errepidea alde batera utziz, behera jarraituko dugu ahal den zuzenen, aurretik ditugun gailur guztiak egiteko intentzioarekin. Horrela Masuketa (795m; 04:51), Munagirre (781m; 05:15) eta Zaria (625m; 05:45) egiten ditut.

Munagirre

Azken gailurrean, Bianditzetik jarraitzen egon garen mendikatea amatitu egiten da eta iparraldera jo behar dugu aurrera jarraitzeko. Bidea basoan sartzen denean, ezkerrera hartuko dugu, bai GRtik edo bestela, pixkat aurrerago maldan behera ateratzen den bidexka batetik. Bi bideek, lehenengoak buelta handiagoa emanda eta bigarrenak azkarrago Irubietako lepora jaitsiko gaituzte. Lepotik igarotzen den pistatik aurrera egingo dugu Ezkitako Kaxkua mendia eskuin aldera utzita eta Ezpalaurri lepoa pasata eta bost minutura eskuinera oso zuzen igotzen den bidexka bat hartuko dugu Pertsebel mendira igotzeko. Bidea zearo itxita dago sasi, oti eta garoekin, baina azkenik gailurra egitea lortzen dut (529m; 07:00). Hemendik azkar iritsiko gara Aldura mendira (544m; 07:10). Gailurrean argazkia ateratzen nagoela, eguzkia agurtzera ateratzen zait ortzi-mugan. Eguneko lehen izpiak berotu eta motibatu egiten naute, 10 orduz ilunpetan ibili ondoren, izugarri eskertzen da argia eta beroa.

Alduratik egunsentia

Gailurretik mendebaldera joko dugu lehengo eta gero hegoaldera oso malkartsua den malda batetik behera jaisteko. Han eskuinera doan bidea jarraituko dugu eta hurrengo bidegurutzean, berriro eskuinera joko dugu malda behera zorrotzetik Susperregi jatetxera iritsi arte. Hemendik, errepidea jarraituko dugu, zuzenago jaitsiko gaituzten bidezidorrak aurkitu arte eta uste baino lehenago Listorretara iritsiko gara (07:41). Donejakue bidea jarraituz errepidearen zati handi bat kenduko dugu Perurenako lepora bidean. Hemendik, eguneko azken malda potoloena igotzen hasiko gara. Lehendabizi, errepidea dena, gero pista bihurtzen da azkenik bidexka izateko. Hemen, ezkerrera joko dugu Txoritokieta gailurrera eramango gaituen bidea hartzeko. Gailurrera igo (317m; 08:31) eta dena errepidetik behera egingo dugu. Errepideak berriro gora egin baino lehen, ezkerrera ateratzen den bidea hartuko dugu maldan behera jaisteko, eta hau izango da egunean zapalduko dugun azken bidexka. Hemendik aurrera, dena asfaltatuta egongo da. Abiadurarako hobea baina belaunentzako okerragoa den errepidetik jarraituko dugu Altzaruntz. Behin Lauaizeta Jatetxera iristean, zuzen jarraituko dugu Garberaruntz. Garbera, atzeko bidegorritik igaroko dugu eta aurrera jarraituz Ametzagaina parkearen sarrerara iritsiko gara, eta hemendik etxera (09:34).

Txoritokieta

10 ordu gauez eta 6 egunez ibili naiz 70 kilometroren buruan. Inguruko paisaiak eta lekuak hobeto ezagutzeko ahalbidetu didan bide honetatik. Seguraski errepikatuko ez dudan ibilbide honetan denetik izan da: Pasaiako txalupa, gotorlekuen ibilbidea, ilunabarra, afari galanta, gaueko argiak, haize bortitza, laino itxia eta egunsentia.

Iruzkinak

Jardueren mapa