Hiru Haundiak mendi martxan parte hartzeak, astebukaerero mendian ibiltzeko aitzaki paregabea eman dit. Udara osoa daramat gora eta behera, bai Piriniotan baita Euskadin ere. Oraingoan, ibilbide finalaren lehen bi herenak egitea erabaki dut, Murgiatik, Otxandiora eta hemendik Landara (Gorbea eta Anboto barneratzen dituena).
- Distantzia: 60km
- Denbora 11 ordu eta 15 minutu
- Gorako desnibel metatua: 2500m
- Tracka Wikiloc-en (zuzentzeko pendiente)
Ostiralean atsaldeko bostetan lanetik atera eta kotxez Landara joango naiz. Handik lagun batzuk kotxez eramango naute Murgiara, nire ibilbidea has nezan.
|
Ilunabarra urruti |
Arratsaldeko zortziak aldera, martxan jartzen naiz aurretik ditudan 60 kilometroak 10 ordutan gainditzeko asmoz. Hasteko, herritik aterako gara trotean, ibilbidea nahiko laua baita. Mendian gora hasiko gara eta oinez jarraituko dugu. Lehen mendira igoko gara konturatu gabe, Lastuira (779m; 30’). Hemendik bideak maldan behera egingo du eta gero berriro gora hamar minututan Aldamiz mendia igotzeko (826m). Mendiak behera egingo du berriro gero gora zuzentzeko eta eguneko benetako lehen gailurra egiteko, Araza (1136m; 1h15’). Onezkero, gaua guztiz sartuta dago. Azken aldiz behera egingo dugu gero gora jarraitzeko. Pagazuri (1306m; 1h40’) mendira igoko gara Gorbeako gurutzera iritsi baino lehen (1482m; 2h). Azken malda luzea egin zait. Behe lainoak mendi goialdea hartu du eta ipar haizeak tenperatura behera bota du. Zertxobait jan eta ziztu bizian behera zuzentzen naiz.
|
Gorbea gailurra |
Aldamineko lepora iritsi baino lehen, txakurraz babestutako artalde bat bidearen erdian lokartzea erabaki du. Txakurrak urrutitik zauka dabil eta gehiegi gerturatu gabe eskuinera jotzen dut, Gorbeako amildegietatik gertu, artaldea azpitik inguratzeko txakurrak lasai utzi nadin. Ziztu bizian AldamiƱape ezkerrean utzi eta pistaren hasierara iristen naiz (2h35’). Pista jarraituko dugu maldan behera 8 kilometroz Ubide herrira iritsi arte (3h30’). Jaitsiera luzea da eta gauaren lagunzaz, burua nekatu egiten du. Herriko iturritik ura hartu eta aurrera jarraitzen dut gauaren erdian Otxandiora bidean. Bertara gerturatzen gaituen paseotxo polita zeharkatu eta Otxandioko frontoira iristen gara (4h34’). Hemengo iturrian ura hartuko dugu ere aldapa gora latza daukagulako aurretik.
|
Ilargiak bidea argitzen digu |
Pista zabal batetik gora egingo dugu, gelditu gabe, trotean edo oinez kilometroak gutxinaka jaten. Denbora dexente igaro ondoren, Urkiolako santutegira iritsiko gara (752m; 5h50’). Gelditu gabe, aurrera goaz pistatik Anbotoruntz. Magalean dauden harrobietara ordu batean iristen gara eta barrita bat hartu ondoren, harrietatik gora egingo dugu. Aristan sartu baino lehen dagoen lepora iristen gara, hemen izango dugu Hiru Handietako kontrola, baina gaur, gailurreraino igoko naiz. Anboto gailurra egin ondoren (1331m; 7h10’) behera zuzenduko naiz. Karsta bustita dago eta irrist egiten du era oso arriskutsuan. Poliki eta kontuz jaitsi behar naiz, noizbehinka ipurdia lurrean jarriz.
|
Anboto gailurrean |
GPSa erotuta, hemendik aurrerako ibilbidea eta denbora partzial asko galdu egin ditut.
Harrobira iritsita ezkerrera joko dugu Zabalandiko leporuntz eta behin hemen, eskuinera ateratzen den pista bat hartuko dugu Ipizte/Hiruatxeta gailurra inguratuz Orixol mendira apuntatuz. Bidexka karstikotik gora egingo dugu gutxinaka Orixol mendira iritsi arte (1131m; 8h55’). Zuzen jarraituz, Santikurtz eta Kastillo mendiak igoko ditugu ere pistatik maldan behera egin arte. Gutxira A-3941 errepidea hartuko dugu eta Kurutzetako lepora zuzenduko gara errepidez.
|
Salamandra euskalduna gauean paseatzen |
Pista hartuko dugu berriro igoera eta jaitsiera txikiak eginez kilometroak irabaziz. Jarindo mendia inguratuko dugu gorako aldapa duen pista batetik (10h30’) eta aurrera jarraituz azkenik Isuskitza gailurrera iritisko gara (801m; 11h), eguneko azken gailurra. Bidean, Maroto mendia alde batera utziko dugu ere. Isuskitzatik, hamabost minutuko aldapa behera batek eramango gaitu kotxera. Goizeko zazpiak dira eta zerua argitzen hasi da pixkana. Gau osoa oinez igarotzea oso gogorra dela ikusten ari naiz. Denborak mantendu ezkero, Anbotoko gailurra eguzkirik gabe egitea tokatuko zait martxaren egunean, eta kontu handiz ibili beharko naiz handik jaisteko.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina