Otxabio bira, Altzoko harrobiaren inguruan

 Gaur igandea da, eta lan galanta daukat egunean zehar egiteko. Azkar bateak Gipuzkoako mapa topografikoa orrazten dut Otxabio izenarekin aurkitzen naizen arte. Aspaldi ez nintzela mendi honetara joaten eta ez naiz inoiz bakarrik ibili hango magaletan. Mendian korrika egiteko zapatilak janzten ditut, eta etxeratze-agindua amaitu bezain laster, goizeko 6etan, harantz abiatzen naiz.


  • Jarduera: Mendi lasterketa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Orientatzea: Tartekoa
  • Luzera: 14km
  • Denbora: 2h 30’
  • Igoera totala: 900m
  • Oharra: Igoera jabetza pribatutik egiten da, sasiz betetako bide batetik. Ibilbidea jarraitu nahi izan ezkero, igotzeko, ordezko bideren bat erabiltzea aholkatzen da; artikuluaren amaieran aurkeztutakoa adibidez.
  • Track
  • En Castellano

Otxabioren bihotzean kokatzen den harrobiari bira emateko, hegoaldetik gerturatuko gara, lehen gailurra igoko dugu eta gero, erlojuen kontrako zentzuan, tartean dauden gailur guztiak igoko ditugu Otxabiora iritsi arte. Handik behera egingo dugu.

Aparkalekua: Altzora gerturatzen gara, Miguel Joakin Elicegui Arteaga jaio zen herrira, AltzokoHandia izenaz ezagunagoa dena. Inguruak ezagutzen ez ditudanez, altzoko harrobiaren atean bertan aparkatzen dut. Errepidean gora hasten garenean, jabetza pribatu batetan sartzen ari garela esaten digu kartelen batek.

Igoera: Aparkalekutik pixkatxo bat jaitsi eta ezkerrera ateratzen den errepide bat jarraitzen dut. Gutxira, baserri bateko hesi batek bidea ixten du. Hesia gainetik igaro eta gora jarraitu daiteke. Baserrira iritsi baino lehen, bertako txakurrekin arazorik ez izateko, belardietatik gora sartzen naiz, ezkerrera, zuzenean basorantz zuzentzen den aldapa malkartsu batetik. Behin basoan, bidean gora egingo dugu, eta bidea amaitzean, gora egingo dugu hala ere mendiaren hertza aurkitu arte. Behin hertzera helduta, ezkerrera jarraituko dugu, maldan gora, Mizpirigañe (550m g.g.-b.) gailurrera iritsi arte.

Bidea ez dago garbia. Tartean sasiak, eroritako zuhaitzak eta ataka gabeko baserritarren hesiak daude. Gailurretik behera egingo dugu eta orduan sekulako pista aurkituko dugu, Ugarte herritik datorrena. Hemen hasiko da benetan traileko ibilbidea.

Ibilbidea jarraitzeko, pistatik ibili gaitezke edo tartean gelditzen zaizkigun gailur guztiak igo ditzakegu. Nik bigarren aukera hau nahiago dut. Korrika ibiltzeko nekagarriagoa, baina begiraleku itzelak izango ditugu.

Gaurko egun osoan, Aralarreko bista izugarriak izango ditugu. Txindoki, Malloak, Balerdi, Hirumugarrieta eta bestelako gailurrak oraindik elurtuak ageri dira.

Bat-batean, artzain txabola batekin aurkituko gara. Honek ere bista itzelak ditu. Borda pasata, eskerrera hartuko dugu altuera irabazten ez duen pista batetik. 50-100 metro ostean, eskuinera biratuko dugu sigi-saga gorantz doan bidetik PR-GI-103a alde batera utziz.

Mendilerrora iritsi bezain laster, eskuinera biratuko dugu Sasiolako Gaina (774m) igotzeko. Ehiza postuz beteta dagoen mendi bat da. Buelta emango dugu eta Otxabiora zuzenduko gara lehen aldiz. Altuera gehieneko puntutik ibili ezkero, Laizetxiki Gañe, Laparmendi, Antxusietako gaña eta Austokietako gañe igoko ditugu Otxabiora iritsi baino lehen. Basoa, karts-a, sasiak eta pista hadi bat ere zeharkatuko ditugu helmugara iritsi baino lehen. Jakin dezazuen, Laparmendi ibilbideko gailurrik altuena da 814 metrorekin.

Mendian egoteaz eta gozatzeaz ahaztu gabe, beheranzko bidea hartuko dugu Altzo herrirantz. Hasieran bidea dena, gero pista bilakatuko da, bide normaletik jaisten hari baikara. Azkar batean Arrimagako lepora iritsiko gara.

Behin hemen gaudela, hurrengo zentzua hartuko dugu bidegurutzeetan kotxera zuzen zuzenean iristeko: ezkerra, ezkerra, eskuin, ezkerra eta zuzen.

Aukerazko ibilbidea (berdea):

 

Aukerazko ibilbidea
Aukerazko ibilbidea, berdez.

Harrobiko jabetza pribatuetan aparkatzea saihestu nahi badugu, kotxea Txaralde baserriaren inguruan aparkatu beharko genuke. Hemendik, ingurutik ateratzen den ia edozein pista hartu dezakegu altueran dauden belardietara iritsi arte, eta hortik, Mizpirigaña gailurrera iristeko. Aukera honek pare bat kilometro besterik ez du luzatuko luke ibilbidea.

Iruzkinak

Jardueren mapa