Aiako Harriak
Bocaminako korridoretik; hegoaldeko irteera. Txurrumurru gailurrera iritsi
baino lehen dagoen lepora iristen dena.
Azken egunotan
Filomena ekaitzak iberiar penintsula zeharkatu du elur pilaketa handiak utziz. Nahiz
eta iparraldera indargabetuta iritsi, elurra ia itsas-maila bertaraino ekarri digu. Orain
dela egun batzuk bota arren, izan ditugun zero gradutik gertuko tenperatura
hotzek elurra mantendu dute gure mendietan. Urtu baino lehen, elurrez hain dotore jartzen den Aiako Harrietara joatea erabaki dugu, hain gutxitan zapaltzen
den Bocaminako korridoretik, hain zuzen ere.
 |
Eguneko argazkia: Erroilbide gailurra Txurrumurrutik
|
Ohiko mendia izanda
ere, elurra harriarekin nahasteko ohitura du mendi honek eta izotza sortzeko
erraztasun arriskutsua ere bai. Udaran errazak diren harrizko igoera txikiak izugarri
zaildu daitezke neguan.
 |
Ibilbidearen krokisa arditurritik ikusita
|
 |
Bocaminako korridorearen xehetasuna
|
Aparkalekua:
Oiartzun herritik abiatuta, Ergoien auzorantz zuzenduko gara. Azkeneko hau pasata
eta minutu batera, ezkerretara ateratzen den bidegurutze bat hartuko dugu “Arditurriko Meategiak” norabiderantz. Ibaia zeharkatu zubi estu batetik eta hesia irekita
badago, errepide txikia ibaian gora jarraituko dugu meandroen ondotik, aparkaleku handi batera iritsi arte.
 |
Hasierako pistatik gora
|
Igoera:
Bidegorritik hasiko gara ibaiaren ondotik Arditurriko meategietara iritsi arte.
Erromatar garaitik1984 urtera arte ustiatu diren meategi oso famatuak dira hauek. Meategietako
web orrialdean informazio gehiago aurkitu ahal izango duzue. Meategiaren bideari
aurrera ekingo diogu maldan gora marka hori eta txuriak jarraituz (PR-GI-1009).
 |
Pistaren desbideratzea
|
Basoan sartu bezain azkar, ordura arte segitu dugun pista alde batera utziko dugu eskuinetara
zuzentzen den bide bat hartzeko. Lehenengo metroetan ibai txiki bat zeharkatuko
dugu eta maldan gora hasiko gara Unaileku bordara iritsi arte (orain dela gutxi
berritu duten artzain borda bat). Hemendik maldan gora egingo dugu marka berde
eta txuriak jarraituz. Zuhaitz asko erori dira tartean, baina galtzeko arriskurik ez dago
dena gorantz egiten badugu PR-GI-2010 bidea aurkitu arte. Erreferentzia hartzearren,
bi pista zeharkatuko ditugu igotzen garen bitartean, baina ez dugu bat ere
hartuko, beti gora jarraituko dugu hurrengo kartela aurkitu arte.
 |
PR-GI-1010 bidegurutzea
|
Bidegurutzean,
eskuinetara hartuko dugu Arituxilegiko leporantz eta topatzen dugun bigarren
ibarrean gora hasiko gara errekatxoaren ezkerraldetik. Bigarren haranera iritsi
baino lehen, oso bista onak dituen begiratoki natural batetik pasako gara.
Beherantz Arditurriko bailara osoa ikusiko dugu. Meategiaren hormigoizko eraikin
zaharrak bereiztuko ditugu, eta eguraldi onarekin Donostia ere begiztatu ahal izango dugu. Gora begira jarriz gero, Txurrumurru espoloi beltza ikusiko dugu, eta
baita Bretxa korridorea haren eskuinaldean.
 |
Begiratokitik gora, Txurrumurru espoloia
|
Errekatxoari
begira ezkerretik ateratzen da bide malkartsu bat. Hau sasiz beteta egoten da udaran.
Orain elurrak flora zanpatu du eta bidea jarraitzea errazagoa izan daiteke. Poliki-poliki
metroak irabaziko dizkiogu errekari definizio gutxiko bide bat jarraituz, beti
ubidetik gertu.
 |
Korridoreen banantzea
|
Ibaiaren bidea
errazten denean gora begiratzen badugu, hortxe Txurrumurru espoloia; antzinako
granito ilunez eraikitako pareta handia. Espoloiaren eskuinetik hartuz gero,
Bretxa korridorean sartuko ginateke. Ezkerretara biratuz aldiz, Bocaminako
korridorean gora egingo genuke.
 |
Dauzkagun bi aukerak
|
Nondik jo behar genuen ados jartzen ez ginenez, dona-dona jokoarekin Bocaminatik igotzea
tokatu zitzaigun. Bretxa hurrengo baterako utziko dugu.
Mendian gora azkar egiten dugu eta uste baino lehenago ertzetik oso gertu kokatu gara.
Azken 100 metroak falta zaizkigunean, eskuinetara egitea erabaki dugu,
Txurrumurru gailurretik gertuago ateratzeko. Behin ertzera iritsita,
eguzkia lagun izango dugu tontorrera heldu arte.
 |
Txurrumurru gailurrera iritsi berriak
|
Goran: Gailurrak elkartzen dituen
bideak elur gogorra dauka eta baita izotza ere, beraz motxilan ditugun kranpoiak jantzi eta pioletak eskuan ditugula, seguruago eta sendoago ibiliko gara. Argazki pare baten ondoren, atzera egiten dugu Hirumugarrieta
gailurra ere igotzeko. Hemen eguzkiak agur esaten digu, eta haize hotzak azkar
behartzen gaitu beherantz bidea jarraitzera.
 |
Beherantz
|
Behera:
Elurretxeko bide normala hartuko dugu parkineraino jaisteko. Behin hemen, ezkerretara biratuko
dugu gorantz zuzentzen den pista bat hartzeko. Marka zuri-gorriak dituen
pista hau PR-GI-1010 bide bera da, goizean hartu dugun hori. Bidea jarraituz
gero, Unaileku bordara jaisten den bidearekin bat egingo dugu 15 minuturen buruan,
eta goizean egindako bide bera deseginda, kotxera iritsiko gara.
 |
PR-GI-1010 bidea bidegurutzea baino lehen
|
Bai nire lagunak
bai ni, liluratuta gelditu gara mendizerra honek ezkutatzen dituen isilpeko
txokoekin. Aiako Harriak ederra aurkeztu zaigu neguko egun honetan. Laster, mendebaldeko
aurpegi ezezagun honen beste bideren bat egitera etorriko garela susmoa dut
nik.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina