Caminante no hay camino, se hace camino al ... pedalear ... |
Blogean argitaratzeko irteeren bila iraganari begiratzea bezalakorik ez dago. Oraingoan, lagunartean egindako lehenengo abentura handia izan daitekeenarekin nator zuengana.
Ibilbidea espaziotik begiratuta. |
2012. urtea zen eta ikasleek dituzten udara luze horietakoak betetzeko asmotan, bizikletako bidai luze bat egitea pentsatu genuen. Ba al dago bizikletaz ibiltzeko leku aproposagorik Portugaleko kosta baino? Eguzkia eta eguraldi paregabea, beti Atlantiar ozeanoko urek freskatuta: zelaren gainean egunak eta egunak igarotzeko inguru ezin hobea.
Honela, Tarifarako autobuseko tiketak erosi genituen, bizikletak paketatu genituen eta “Into the Wild”-en antzera, ezezagunera bideratu genituen gure urratsak. Presarik gabe, ordutegirik , datarik eta espektatibarik gabe, bidaiak irakasteko zuen guztiaz aberasteko prest.
Itsasoan egunero bainatu ginen, egunik ez zen izan eguerdiko lo-kuluxkarik gabe eta merkatu eta supermerkatuetan aurkitutakoarekin, indarrak bildu genituen bizikletaz aurrera egiteko. Presarik gabe, baina etenaldirik gabe, kostari kilometroak jan genizkion.
Nekeak harrapatzen gintuen unean, bertan gaua egiten genuen. Gure zurrungak edonon entzun zitezkeen: parkeetan, hondartzetan, itsalabarretan eta baita lorategietan ere. Batzuetan denda azpian, eta besteetan izarrei begira, eguraldi onaz edo txarraz, eltxoekin edo gabe, gauero lokartzen ginen hurrengo egunerako beharko genituen indarrak berpizteko itxaropenarekin.
A.D.: Gauero esatea ere gehiegikeria da… parrandaren bat edo beste ere bota genuen…
Beheran, listan, Wikiloc-era igotako ibilbidearen zatiak aurki daitezke. Garai hartan GPSrik ez genuenez, etxera bueltatzean ordenagailuan bertan egindako ibilbideak dira.
Gehiago irakurtzeko gogoz bazaudete, bidaian zehar paperean idatzitako bitakoraren transkripzioa irakur dezakezue hurrengo link-ean.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina